XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Leibniz-en (1646-l7l6) ametsa hauxe zen: arrazonamendua kalkulu bihurtzea; modu honetaz esandako zerbaiten zuzentasuna bilatzeko ez litzateke bat ere diskutitu behar, eginkizun bakarra kalkulu bat egitea izango litzateke; kalkulu horrek erakutsiko luke delako arrazonamendu horren balioa.

Leibniz-ek ez zuen bere asmoa lortu, baina beraren saioak eragin handia izan zuen geroko urteetan.

Alde batetik, Logikaren bideak Aritmetikak erabiltzen zituenei hurbiltzeko lehenengo saio bat izan zen.

Bide hau gero asko erabili zen eta gaurregungo Logikaren ezaugarri nabarienetakoa da.

Bestetik, ikur berri asko sartu zituen Logikan, azken batez, ikur hauen kalkulu hutsaren mailan utzi nahi bait zuen Logika.

Hona hemen Leibniz-en hitzak: Abantail paregabeko hau bakar-bakarrik ikur aritmetiko eta algebraikoek erakusten dute; beraientzako dedukzio osoa ikur hauen erabilera hutsean gelditzen da, eta akatsen bat azaltzen bada, ikur horien erabilera txarrean bilatu behar da...

Leibniz-ek De arte combinatoria liburuan, bere asmo hau lortzeko zein bide segitu behar zen markatzen du: a) Characteristica Universalis (ezaugarri unibertsala) sortzea; bertan kontzeptu bakoitzari zenbaki bat ematen zitzaion.

b) Arte combinatoria sortzea; bertan kontzeptuen elkarketa eta deribazioak ordezkatzen ziren, beren tokian zenbakiak jarriz.

c) Mathesis Universalis (zientzia unibertsala) sortzea; berak Logika berria esaten zion eta giza arrazonamenduan ematen diren akats guztiak konpontzeko tresna egokia izateko asmatua da.

Leibniz-en asmo hauek ez ziren bete eta, neurri handi batetan, betetzeko daude oraindik; baina geroko mendeetan Logikak segitu duen bidea markatu zuten.

XIX. mendean eta G. Boole-ren (1815-1864) lanari esker, Logikak pauso handi bat eman zuen Leibniz-ek markatu zion bidean, G. Boole-k lortu bait zuen Logikaren lehenengo aritmetizazioa, Logika matematikoa delako gaiaren sorrera bultzatuz.

Boole-ren lanen ondorioa Logika matematizatzea izan bazen, B. Russell-en (1872-1970) asmoa guztiz bestelakoa gertatu zen; beraren eritzian, Matematika zen Logikan oinarritu behar zena eta ez alderantziz.